Azken berriak
Mikel Garcia Idiakezek irabazi du 2009ko Tene Mujika beka, Euskal Herriko zineman arrastoa utzi duten zuzendariei buruzko proiektu batekin. Deialdira aurkeztutako lau lanen artean, Lorea Agirrek, Elixabete Garmendiak eta Alberto Barandiaranek osatutako epaimahaiak aho batez izendatu zuen saridun Argia astekariko kazetariaren proiektua.
Mikel Garciak, euskal zinema zer den edo baden eztabaidan sartu gabe, Euskal Herrian filmak egin dituzten zenbait zuzendari elkarrizketatu nahi ditu. Berak dioenez, ez da top 10 bat, baina euren pelikula batekin edo estilo pertsonalarekin Euskal Herriko zineman arrastoa utzi duten egileei hitza eman nahi die. Zerrenda itxia eta behin betikoa ez bada ere, izen hauek aipatzen dira proiektuan: Fernando Larruquert, Helena Taberna, Imanol Uribe, Juanba Berasategi, Julio Medem, Montxo Armendariz, Victor Erice eta Koldo Almandoz.
Mikel Garcia Idiakez 1980an jaio zen Irunen. Kazetaritzan lizentziatua, hainbat hedabidetan aritu da lanean baina batik bat, 2004tik, Argia astekarian. 2006an Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi zuen kazetari berrien atalean, eta 2009an Bilboko Udalak antolaturiko Gabriel Aresti ipuin lehiaketan garaile izan zen.
Aurreko sarituak
Gure historia hurbilari buruzko biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak... bultzatzeko asmoz sortu zuten beka hau Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Debako alaba izan zen Tene Mujika idazlearen omenez.
Lehenengo deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zen irabazlea, eta bi urte geroago kaleratu zuen Mendiminez liburua (goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia). Bigarren deialdia hutsik geratu zen. Hirugarren deialdian, 2007an, Alberto Barandiaran izan zen irabazlea eta 2009an kaleratu zuen Postkronikak lana (lehendik landutako zenbait erreportajeri bigarren buelta edo aukera emanez, itxi ezin den ate edo zauri bat bezala). Laugarren deialdia, 2008koa, Imanol Murua Uriak irabazi zuen eta laster kaleratuko da Loiolako hegiak liburua (EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako elkarrizketa eta negoziazioen historia).
Agenda
Errezitaldia
Haragizkoa errezitaldia Edorta Jimenez eta Rafa Ruedaren eskutik.
Irudiak: Joseba Barrenetxea
Data: 2010-09-10
Non: Donostia, Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan
Ordua: 20:00etan
Antolatzailea:
Liburuak




111 Akademia. Bulandegi bidea 23 behea, Karidade-enea etxea. 20150 Zizurkil.
akademia@111akademia.com - Tel.: 943 696 450