111 Akademia
Akademiakideen eremua

Pasahitza ahaztu al zaizu?

Azken berriak

  • Maiatzaren 17an, Beterriko Liburuaren hamabigarren sari-emate ekitaldia izan zen Andoaingo Bastero Kulturgunean. Bertan, akademikideek 2007 urtean gogokoen izan zuten liburua saritu zen.
    111 Akademiako arduradun Amaia Goikoetxeak eman zion hasiera ekitaldiari, gerturatutakoak agurtu eta mahaiburua aurkeztuz, Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek; Eusko Jaurlaritzako herri administrazioetan euskara normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanok; Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari Estitxu Alkortak eta 111 Akademiako behin-behineko akademia-buru Eloi Egibarrek osatu zutena. Joseba Lozanok hartu zuen hitza lehenengo eta, 111 Akademiak burutzen duen lana azpimarratu zuen, “jarrai ezazue hasi duzuen bidean barrena eta bil ezazue ahal bezain beste literaturazale zuen akademian, 111 izan edo askoz gehiago hobe, ziur baikara bidean aurrera egin ahala literaturak irismen berria hartuko duela gure gizartean, eta horrek irakurlearen partaidetza handiago eta eraginkorragoa ekarriko du literaturaren mesederako”. Lozanok, liburu eta idazle saritua zoriondu zituen bere azken lerroetan, “Gaurkoa, Beterriko Liburua izendatzeko eguna da, 2007. urtean 111 Akademiako kideek gogokoen izan duten obraren berri ematekoa, eta neronek ere, Jaurlaritzaren izenean, bat egin nahi dut sarituriko idazlea eta sarituriko obra zoriontzeko eta goraipatzeko liturgia honetan”.
    Estibalitz Alkortak Jokin Muñoz zoriondu eta bere eleberria goraipatu zuen, “alde batetik, liburu politiko bat da berea, baina ez, hainbestean, politikaz mintzatzen delako, baizik gure herriaren izatasun politikoa hain era zorrotzean baldintzatzen duen indarkeriaz zuzenki, gupidarik gabe, mintzatzera ausartu delako. Zentzu horretan, beraz, ez da liburu politiko bat, baizik literatura hutsa, literatura zentzurik trinkoenean: fikzio bat, bizitzari buruz, bizitzaren irakasbideei buruz”. Alkortak Muñozek landutako gaiaren zailtasuna ere hizpide izan zuen, “ez dira gai errazak literaturaren bidez aztertzeko, inola ere. Egia esateko, ez dira gai errazak inola ere aztertzeko, eta Jokin Muñoz ausartu egin da, saio bat egin du, saiakera egin nahi izan gabe, tesirik gabe, baina ikuspegi zehatz batekin; ikuspegi garratza batzuetan, baina egiari izpirik kendu gabe, eta euskaldun irakurleari inoiz amore eman gabe”.
    Jon Unanuek hautaketa prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen, “aurten, lehen aldiz, iaz sortu zen 111 Akademiak izendatu du Beterriko Liburua. Euskal Herri osoko 98 irakurlek osatzen dute une honetan eta boto bidez burutu da hautaketa prozesua”. Aurtengoan hiru bozketa txanda izan direla aipatu zuen Larramendi Bazkuneko lehendakariak, “lehenengo bi bozketetan ez baitzen obra saritua izendatzeko behar adinako boto kopururik egon. Azken bozketara Jokin Muñozen Antzararen bidea eleberria eta Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan ipuin bilduma iritsi ziren, eta azken emaitza honako hauxe izan da: Antzararen bidea 43 boto, eta Aulki bat elurretan  8 boto. Horrela bada, 111 Akademiako irakurleek Jokin Muñozek idatzi eta Alberdania argitaletxeak plazaratutako Antzararen bidea hautatu dute 2007ko Beterriko Liburu”.

    Liburuak jasotako merezimenduak
    Batzorde eragileak, akademikideek bidalitako ondorengo iritzietan oinarrituta osatu zuen liburuari egotzitako merezimenduen zerrenda. Ekitaldian Jon Unanuek irakurri zituen:

             *Euskara zuzen, eder eta ulergarria darabil idazleak, irakurketa plazer bihurtuz eta irakurleari liburua gau-mahaian uztea eragotziz. Eleberri gogorra da, baina duen intriga puntuak hasieratik bukaeraraino barneratzen du irakurlea.
             *Lekuen nahiz pertsonaien deskribapena zehatza bezain aberatsa da, eta oso iradokitzailea. Itsasoaren hezea eta Bardeen lehorra ezin hobeto islatu ditu idazleak.
             *Gerra aurrean kultura eta askatasunaren haizeak faxisten aurka egindako borroka, batetik,  eta gaur egun bizi dugun gatazka eta honen protagonistak, bestetik, ikuspuntu politikotik ez ezik, inguru pertsonaletik ere aurkezten dizkigu idazleak. Zentzu horretan, gatazkaz baino, sentimenduez ari zaigu nobela.

    Muñozek, esker oneko hitzak
    Estibalitz Alkortaren eskutik jaso zuen Jokin Muñozek larru bereziz koadernatutako obraren ale bat eta Joseba Lozanorenetik agiria. Idazle sarituak esker oneko hitzak izan zituen saria jaso ostean, hementxe idazle nafarraren hizketaldia:
    “Isilaren ekaitza hautsi aipatu dute euren kantu hunkigarrian Bide Ertzean taldekoek. Isilaren ekaitza hautsi baitzen pasa zen asteburuan Sartagudan Memoriaren Parkearen inaugurazioan. Sekulako euri zaparrada bota zuen eta hangoek, urte eta erdian tantarik bota gabe egon zela esaten zuten eta, hain juxtu, egun horretan, desagertutakoek, fusilatutakoek, emozioak gainezka, negar egin behar ziguten. Sartagudako parkearen inaugurazioan nengoela anekdota batekin gogoratu nintzen. Egun hauetan, San Cristobal mendian, Ezkaba mendian, Iruñan, hilobi batzuk aurkitu dituzte. Han, San Cristobal, Ezkaba mendian preso izandako batzuen gorpuak ziren horiek eta oso deskubrimendu bitxia izan zen. Izan ere, gorpu batzuen ondoan, hankartean, kristalezko botila batzuk zeuden, barruan paper bat zeukatela. Paper horietan hildakoaren izen-deiturak eta beste hainbat datu agertzen zen: sorterria… Paper gehienak denboraren poderioagatik desegiten ziren aurkitzaileen eskuetan. Kortxoa gaizki itxita zegoelako edo kortxoa, besterik gabe, usteldu eta barruko papera ere kortxoarekin batera usteldu egin zelako. Beste batzuk, berriz, irakurri ahal izan ziren. Ze testu horiek irakurriak izateko sartu ziren botila horietan. Idazten ditugun testu guztiek helburu hori daukate. Testuak ez dira ezer irakurri gabe baina, bereziki, botilan sartu ziren testu horiek horretarakoxe jaio ziren. Berdin-berdin jarrai zezaketen urtetan eta, desegin, besteak desegin ziren bezala. Han, Memoriaren Parkean, guk idazleok, badauzkagu testu batzuk parkearen bazter batean burdinan jarrita. Idazle batzuoi testu batzuk idaztea eskatu ziguten proiektuarekin hasi zirenean: gogoetak, poemak… Idazle handiak daude tartean: Paula Antoñana, Bernardo Atxaga, Jimeno Jurio zena, Castillo Suarez eta ni neu. Neure hitzak jasotzen zituen burdinazko panel horren aurrean nengoela, oso zirraragarria iruditzen zitzaidan testu horiek denboran iraun egingo zutela ikustea. Burdina ez baita papera. Papera desegin egiten da, burdinak iraun egiten du. Baina are emozionanteagoa da jakitea, parkea bisitatzera joaten diren guztiak _euskaldunak izan edo ez_, hitz horiek irakurri egingo dituztela. Hitz horiek ere irakurriak izateko idazten baitira.
    Poz berezia ematen du jakiteak liburua irakurri egiten dela eta irakurri ez ezik, irakurleek saritzen dutela liburu hori. Zenbait liburuk kritikoen onespena hartuagatik, ez dira irakurleen eskuetara iristen. Beste testu batzuk, berriz, irakurleen eskuetan ibiltzen dira, irakurleen onespena hartzen dute eta kritikoek bizkarra erakusten diete.
    Antzararen bidea, bide luzea gertatzen ari da. Kritikoaren saria hartu du, prentsa bidez jakin izan nuen berria. Baina hor geratu zen, ez ninduen inork deitu. Ez ninduten Huelvara gonbidatu. Ezta hori ere. Nik espero nuen zerbait: jende aurrean jartzea, oraingo honetan nagoen bezala. Esan nahi dizuet zuen sariak antzara bizirik dagoela erakusten duela; antzararen bide hori txoperara bidean doala, bururik gabe. Antzara oraindik ez dela iritsi makal beltz baten oinetara. Tipi-tapa tipi-tapa, ezkerrera eta eskuinera segitzen duela eta ez da makala liburua argitaratu eta seigarren/zazpigarren hilabetean baikaude. Ez nuke jarduntxo hau amaitu nahi zuei eskerrak adierazi gabe. Eskerrik asko sariagatik. Eskerrik asko Akademiari. Liburu bati benetan arnasa ematen diona irakurlearen onespena baita. Esker mila guztioi”..

    Ikus-entzunezkoa eta Bide Ertzean taldearen musika
    Ekitaldian zehar, atzera begiratua ere egin zen: Aitor Amutxastegik landutako ikus-entzunezko proiekzioaren bidez, aurreko hamaika urteetako lan irabazleen gainbegiratua egiteko aukera eskaini zen, saritutako idazleen hitzak eta irudiak tartekatuz. Horrez gain, ekitaldiaren hasieran zein amaieran, Bide Ertzean taldeko Imanol Ubedak eta Imanol Goikoetxeak “Non dira” euren azken diskoko hainbat abesti eskaini zuten. Disko horrek Gerra Zibilari buruz hitz egiten du, besteak beste, guda hark utzi zituen desagertuez; hain zuzen ere, Gerra Zibila da Muñozen eleberriko gai nagusietako bat. Jan-edanaren inguruan eman zitzaion amaiera 2007 urteko Beterriko Liburua Literatur Aipamenaren sari-emate ekitaldiari. Hurrengo urtean gehiago.

    Orain arteko irabazleak, urtez urte
    1996 Joxean Agirre  Elgeta
    1997 Ur Apalategi Iridin  Gauak eta hiriak
    1998 Koldo Izagirre  Nik ere Germinal! egin nuen aldarri
    1999 Lourdes Oñederra  eta emakumeari sugeak esan zion
    2000 Ramon Saizarbitoria  Gorde nazazu lurpean
    2001 Joseba Sarrionandia  Lagun izoztua
    2002 Anjel Lertxundi  Zorion perfektua
    2003 Bernardo Atxaga  Soinujolearen semea
    2004 Pako Aristi Gauza txikien liburua
    2005 Juan Kruz Igerabide Hauts bihurtu zineten
    2006 Karmele Jaio Amaren eskuak
    2007 Jokin Muñoz Antzararen bidea

    111 Akademiaren I. Batzarra
    Sari-banaketa ekitaldiaren aurretik, 111 Akademiak bere I. Batzarra egin zuen Bastero Kulturgunean. Bertan, besteak beste, 2008 urterako lan egitaraua zehaztu zuten. 111 Akademia 2007ko apirilean sortu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, euskal irakurleari euskal literaturgintzan protagonismo handiagoa eman nahian. Sortzez duen egitekoa urtero Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena hautatu eta ematea da, baina horrez gain, epe laburrean beste hainbat egiteko ere hartuko ditu bere gain, besteak beste, Beterriko Liburua aldizkariaren erredakzio batzordea osatzea edo 111 aldizkaria martxan jartzea.
     Akademiako arduradunek 111 Akademiaren webgune berria aurkeztu zieten akademikideei (www.111akademia.com). Webgune hori izango da aurrerantzean akademikideen lan tresna nagusia, baina horrez gain, euskal literaturzale guztien interesekoa izan daitekeen informazioa ere jasotzen du, azken horien atari ere izan nahi baitu webguneak.



Agenda

Liburu aurkezpena

Asier Mendozaren Beste gu liburuaren aurkezpena.

Data: 2010-09-08

Non: Donostia, Elkar aretoan

Ordua: 11:00etan

Antolatzailea:

Liburuak

Idazlanen bilduma 3

Etxamendi, Eņaut

(0) iritzi

Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik

Aiestaran, Ignazio

(0) iritzi

111 Akademia. Bulandegi bidea 23 behea, Karidade-enea etxea. 20150 Zizurkil.

akademia@111akademia.com - Tel.: 943 696 450