Azken berriak
Lau eleberri historiko hautatu ditu Todd Mack-ek bere ikerketarako: Jaume Cabreren Les veus del Pamano (2004), Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2003), Manuel Rivasen El lápiz del carpintero (1998) eta Antonio Muñoz Molinaren Beatus Ille (1986). Eleberri horien kokalekuak bisitatu ditu gazte amerikarrak, oroimen historikoan oinarritutako nobelek toki horietan bizi diren irakurleengan izandako eragina aztertzeko.
Azken asteetan Euskal Herrian izan da, Soinujolearen semea eleberriko Obabaren oinarrian dagoen eta Atxagaren jaioterri den Asteasun hain zuzen ere, eta nobela irakurri duen jendearekin bildu da, asteasuarrak zein inguruko herrietakoak. Irakurle horiek liburuaren berri nola izan zuten, gustatu al zitzaien, bertako pertsonaiak eurek ezagutu duten norbaitekin identifikatu ote zituzten, agertzen diren tokiak ezagunak egin al zitzaizkien, euren ustez kontatzen diren pasadizoak gerra ondorenean inguru horietan gerta zitezkeenak al ziren, alegia, pasadizo horiek sinestea erraza suertatu al zitzaien, halako pasadizorik benetan gertatu zenik entzuna ba ote zuten...
Bere tesirako Atxagaren nobela zergatik aukeratu zuen galdetuta, honakoa nabarmendu zuen Todd Mack-ek: "Gerrari buruz idatzi diren nobela askok oso erraz egiten dute gaiztoen eta zintzoen arteko bereizketa; hau da, errepublikarrak zintzoak ziren eta nazionalak gaiztoak, edo alderantziz. Atxagaren eleberrian gauzak ez dira hain sinpleak. Landa eremu batean kokatzen da, eta toki horietan jendeak bando batera edo bestera jotzeko erabiltzen zituen irizpideak askotan ez ziren ideologikoak izaten. Bat izan zitekeen errepublikarra bizilagunak behia lapurtu ziolako eta bizilagun hori tropa nazionalen aldekoa zelako, besterik gabe. Eremu hauetan ezin da gaiztoen eta zintzoen arteko bereizketa nabarmen hori egin, eta nire ustez, Atxagak oso ondo errespetatzen du hori Soinujolearen semean".
Euskal Herrira etorri aurretik Katalunian aritu da Todd Jaume Cabreren Les veus del Pamano obraren inguruan lan bera egiten, Pirinio inguruan hain zuzen ere. Atxagaren lanaren ondoren Manuel Rivasen El lápiz del carpintero aztertuko du Galizian, eta Antonio Muñoz Molinaren Beatus Ille izango da azkena.
Agenda
Irakurle taldea
Data: 2010-09-09
Non: Tolosa, Kultur etxean
Ordua: 19:30ean
Antolatzailea: Galtzaundi Euskara Taldea
Liburuak




111 Akademia. Bulandegi bidea 23 behea, Karidade-enea etxea. 20150 Zizurkil.
akademia@111akademia.com - Tel.: 943 696 450