Azken berriak
Irati Jimenezek maiatzaren 6an jaso zuen Amasako kultur etxean 2009ko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena
Ikus bideoa
"Gaztetxotan goizeko ordu txikitan jeiki ohi nintzen Oscar Sarien emanaldia zuzenean jarraitzera, oso gogoko izan ditut. Eta gaur, beti esan nahi izan dudan eta seguru asko gaur bakarrik esan ahal izango dudan zerbait esan nahi nuke: eskerrik asko akademiari". Hitz horiekin hasi zuen Irati Jimenezek 2009ko Beterriko Liburua Saria jaso osteko hitzaldia. Pozik eta hunkiturik agertu zen idazle mundakarra saria jaso ostean, eta irakurleen aipamen hau jasotzea ohore handia eta 'horrorea' ere badela adierazi zuen, "honen ondoren maila mantendu egin behar baita".
Bere bizitzako une zail batean idatzi zuen omen zuen liburua, eta izenburua aukeratzeko lanetan zebiltzan garaian bere egoera hori izan omen zen Nora ez dakizun hori hautatzera eraman zituena. Jende askori eman nahi izan zizkion eskerrak, besteak beste, Xabier Mendiguren edioreari edota krisi une batean "zarata guztiaz ahazteko" esan zion lagunari. "Eta gaur hemen dagoen nire aitari, hari eskaini diot liburua. Esan bezala, liburua idatzi nuen garaian ez nituen une samurrak bizi, eta behin zera esan nion aitari:'Hau guztia, eta gainera nobela madarikatua'. Eta erantzun zidan: 'Ez, nobela madarikatua ez. Izan liteke hipoteka madarikatua, lan madarikatua..., baina nobela madarikatua ez'".
Amasa-Villabonako alkate Maixabel Arrietaren eskutik jaso zuen Iratik obra sarituaren larruz enkoadernaturiko alea, eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, HABEko zuzendari Eugenio Mujikak eman zion diploma. Azken honek, Jimenezen aurreko eleberriari egin zion erreferentzia bere hitzaldian. "Gaur Beterriko Liburua saria jaso duzu, baina lehenago gaztetxoek ere saritua zuten zure lana. Batxilergoko irakasle nintzen garaian Bat, bi, Manchester irakurri genuen ikasleekin, eta izugarri gustatu zitzaien", adierazi zuen.
Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari Estibalitz Alkortak sariaren izaera berezia nabarmendu zuen. "Ez kritikoek, ezta literatur adituek ere; irakurleek eman dizute sari hau, eta horrek aparteko balioa du".
Merezimenduak
Jaurlaritzako, Aldundiko eta Amasa-Villabonako Udaleko ordezkariekin batera, Eloi Egibar 111 Akademiako buruak eta Jon Unanue Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariak osatu zuten mahai-burua. Azken honek Irati Jimenezen obrak jaso dituen merezimenduak irakurri zituen:
- Egileak eleberri hau osatzeko erabili duen egiturak, kontatu dizkigun ipuinek eta erakutsi digun magiak erabat liluratzen dute irakurlea. Nabari da liburua idaztea plazera izan dela idazlearentzat, eta horixe bihurtzen da irakurlearentzat ere irakurketa: plazera.
- Fantasiaren mundura darama idazleak irakurlea, euskal sortzaileen lanetan oso maiz agertzen ez den tokira. Baina irakurleari ez zaio arrotz gertatuko, oso modu samurrean, goxoan egingo baitu mundu fantastiko eta magiko horretarako bidaia. Zalantzarik gabe, orijinaltasuna du obra honek ezaugarririk azpimarragarrienetako bat.
- Euskara ederra aurkituko du irakurleak liburuan, dotorea. Esaldi borobilak, maisuki ehunduak, istorioak berez duen magiari ekarpen ederra egiten diotenak.
Lapurdiko doinuak
Maddi Zubeldia ziburutarra eta haren taldekide Txomin Arizaga eta Jeannot Urtxegi izan ziren atzoko ospakizuna musikaz jantzi zutenak, benetan eder jantzi ere. Ekitaldia ireki eta itxi zuten hiru abesti eskaini zituzten, eta entzuleen goraipamena eta errekonozimendua eurenganatu zituzten, ondo mereziak bata zein bestea.
Agenda
Irakurle taldea
Data: 2010-09-09
Non: Tolosa, Kultur etxean
Ordua: 19:30ean
Antolatzailea: Galtzaundi Euskara Taldea
Liburuak




111 Akademia. Bulandegi bidea 23 behea, Karidade-enea etxea. 20150 Zizurkil.
akademia@111akademia.com - Tel.: 943 696 450