111 Akademia
Akademiakideen eremua

Pasahitza ahaztu al zaizu?

Nondik gatoz

Aurrekariak

Beterriko Liburua izeneko ohorezko literatur aipamen edo saria 1996an sortu zen Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren eskutik. Literatur aipamen horren helburua euskal literaturgintzako urteko obrarik gogokoena hautatzea izan da, irakurleen artean aukeratzea, alegia.

Beterriko Liburua Literatur Aipamena hiru zutaberen gainean eraikita dagoela esan genezake. Alde batetik, Ohorezko Literatur Aipamena legoke. Aipamen edo sari hau irakurleek hautatzen dute, hau da, irakurleen artean gehien gustatu den obra saritzen da. Beste aldetik, Beterriko Liburua aldizkaria dago. Hau izen bereko aipamenaren agerkari gisa argitatzen du Larramendi Bazkunak. Oraingoz, urtean 4 aldiz ateratzen da eta Euskal Herri osoan banatzen dugu. Azkenik, Aurkezpenak eta Zabalkundea leudeke. Hirugarren zutabe horrek ekimen desberdinak hartzen ditu bere baitan: literatur ekitaldiak, mahainguruak, argitalpen elektronikoa...

Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena hautatzeko, irakurleak urte berriaren lehen hiruhilabetean aurreko urtean euskaraz argitaratutako liburuen artetik gogokoen gertatu zaionaren aldeko bozka ematen du. Hasieran, bozketa hori Beterriko Liburua aldizkariaren bitartez egiten zen, aldizkariko irakurleek urtean zehar irakurritako obra bat proposatzen zuten sarirako. Proposamen horiek Epaimahai Iraunkor izeneko batek jasotzen zituen eta, horiek aintzakotzat hartuta, azken erabakia hartzen zuen.

Irakurleen proposamen horiek guztiak, ordea, maiz oso sakabanaturik gelditzen ziren, eta proposamen ezberdin askoren artean ez zen erraza izaten bat edo beste gailentzea. Horregatik, proposamen horiek indartzeko, eta azken finean, literatur ekimenean irakurleen presentzia eta partehartzea sendotzeko asmoz, 2.000 urtean Epaimahai Orokorra sortu zuen Larramendi Bazkunak, Euskal Herri osoko irakurleek osatua.

Geroztik, epaimahai honetako kide izan diren irakurleek honako eginkizunak izan dituzte: urtean zehar argitaratutako nahi adina obra irakurri (gutxienez bizpahiru), irakurritakoaren gainean iritzia eman (luze ala labur) eta azkenik bere proposamena bidali. Lehen esan bezala, proposamen horiek Epaimahai Irakunkorrak hartzen zituen eta proposamenen arabera, irakurleen hautaketa berresten zuen edo, obra baten alde gutxieneko botu kopururik ez bazen, berak hartzen zuen erabakia. Une honetan, Epaimahai Orokorrean 42 epaimahaikide daude.

Beraz, horrela jokatu da lehen hamar urte hauetan Beterriko Liburua ohorezko aipamen edo saria hautatu ahal izateko.

Izan akademiakide

111 Akademiako akademiakide izan nahi baduzu jar zaitez gurekin harremanetan: